IKASKETA KOOPERATIBOA

Gure ikastexeak 2010-2011 ikasturtean hasi zuen bere ibilbidea Ikasketa Kooperatiboko proiektuarekin. Hasiera baten lehen hezkuntzako tutore bakar batzuk hasi ziren metodologia honekin lan egiteko saiakera batzuekin.

Hurrengo ikasturtean proiektua lehen hezkuntza osora eta haur hezkuntzara edatu zen, Ikasturte honetan ikasketa kooperatiboko ariketa ezberdinak praktikan jarri genituen ikasturte osoan zehar.

2012-2013 ikasturtean zehar gure eskola Vic-eko unibertsitateko Jose Ramon Lago adituaren laguntzarekin, ikasketa kooperatiboa gure eguneroko jardunean orokortzen hasi ginan. Hurrengo ikasturtean gure programazioetan ezartzeko konpromisoa hartu genuen.

Gaur egun, ikasketa kooperatiboa gure metodologian pisu handia duen jarduera da.

Hauxe da Ikasketa Kooperatiboa programaren azalpen labur bat.

IKASKETA KOOPERATIBOA, ZERGAITIK BAI?

Hiru argudio:

o Ikasle guztiak partaide sentitzen diren Eskola inklusiboa lortzeko ezinbestekoa da egitura kooperatiboa ezartzea eta metodologia honetan lantzen diren jarrerak eta baloreak (elkarlaguntza, enpatia, erantzukizuna, errespetoa...) garatzea

o Gelan dagoen aniztasunari erantzuteko aukera egokia eta aberatsa da: ikasleek ez bakarrik irakasleengandik, beraien kideengandik ere laguntza jasotzen dute.

o Oinarrizko gaitasunak garatzeko metodologia aproposa da, bereziki Gizarterako eta Herritartasunerako Gaitasuna, Norberaren Ekimena eta Autonomiarako Gaitasuna, Ikasten Ikasteko Gaitasuna eta Hizkuntza Komunikazio Gaitasuna garatzeko.

ZER DA?

Ikasketa kooperatiboa ikasle talde txikien –osaketa heterogeneokoak gehienetan, errendimenduari eta ahalmenari dagokienez– erabilpen didaktikoa da eta, jardueraren egitura horren bitartez, honako hauek bilatzen dira: berdintasunezko parte-hartzea ahalik eta gehien ziurtatzea eta beraien arteko aldibereko elkarreragina indartzea, taldean lan egiten ikasteaz gainera, taldekide guztiek proposatutako edukiak ikas ditzaten, norberaren ahalmenak neurri gorenera eramanik.

o Ikasketa kooperatiboko talde bateko kideek erantzukizun bikoitza dute: irakasleak irakatsitakoa norberak ikastea eta taldekideek ere ikas dezaten laguntzea.

o Irakasleek, berriz, bi xedetarako erabiltzen dute ikasketa kooperatiboa: ikasleek eskolako edukiak ikas ditzaten eta, aldi berean, taldean lan egiten eta solidario izaten ikas dezaten, azken bi horiek eskolako eduki gisa hartuta. Alegia, ikasteko kooperatu eta kooperatzen ikasi…

o Kontua ez da ikasgela bateko ikasleek, noizik behin, «talde-lan» bat egitea, baizik eta, era egonkorragoan, «lantaldeetan» antolatuta egotea, batik bat, elkarrekin ikasteko eta, aldian behin, hala egokitzen bada, guztien artean lan bat egiteko.

o Ikasketa kooperatiboa ez da soilik eskolako edukiak hobeto ikasteko metodo edo baliabide bereziki baliagarri bat, baizik eta ikasleek ikasi beharreko curriculum eduki bat gehiago, hau da irakatsi behar zaien ikasgai bat.

ZELAN EGITEN DA?

Ikasketa kooperatiboa lantzeko Viceko Unibertsiotateko CIFE eta GRAD Taldeek eskeinitako Programa, Ikasteko Koperatu/Kooperatzen ikasi, jarraitzen dugu. Programa honetan, metodologia hau garatzeko hiru lan eremu proposatzen dira:

A EREMUA: Taldearen kohesioa (kohesio dinamikak)

B EREMUA: Taldeko lana irakasteko baliabide gisa (lankidetza egitura kooperatiboak)

C EREMUA: Taldeko lana irakatsi beharreko eduki gisa (autorregulaziorako tresnak: ekipoko planak)